domingo, 27 de diciembre de 2015

Pobreziaren kontrako borroka, energiaren alorretik

Energiaren alorrean asko egin daiteke pobreziaren kontra borrokatzeko. Pobrezia energetikoaren kontrako neurriek gizarte bazterketa arindu dezakete.

Negu gordinenaren atarian, pobrezia energetikoari buruz hitz egin beharra dago. Euskal herrietako milaka etxetan ez dute diru nahikorik edukiko beren etxeak tenperatura egokian mantentzeko. Eskuragarri dauden txostenen arabera, 130.000 lagun dira Euskal Herrian euren etxeko tenperatura maila egokian ezin manten dezaketenak. Dena den, Bizkaiko Txirotasunaren Behatokiaren txosten berri batek datu hori 100.000 lagunera igo du Bizkairako bakarrik. Baliteke, beraz, uste baino hedatuagoa izatea egoera.

Egoera horrek ondorio larriak sortzen ditu. Tenperatura egokia ezin mantentzeak, osasun arazoak sortzen ditu, gaixotasun maila igoz. Gainera, lan eta hezkuntza errendimendu txarragoa egon ohi da. Elektrizitaterik eduki ezin izateak, hezkuntza arazoak sortzen ditu gazteengan, ilundu ostean etxean ikasteko aukerarik ez baitute. Horrek guztiak, etorkizunera begira, gizarte bazterketara kondenatzen ditu egoera horretan bizi diren ume eta gazteak.

Egia esan, txirotasuna fenomeno konplexua da, ikuspuntu eta faktore asko dituena. Horrela ikusita, sailkapenak eta banaketak egitea arriskutsua izan liteke, atalka aztertzean ikuspegi osoa gal daitekeelako. Dena den, pobrezia energiaren ikuspuntutik begiratzean, hori arintzeko neurri berriak aurkitu ditzakegu.

Pobrezia energetikoak hiru faktore eragile nagusi ditu: diru-sarrera txikiak, energiaren prezio handiak eta eraikinen kalitate txarra, kontsumo energetiko handia sortzen duena. Azken urteetan, krisialdia dela eta, langabeziak goraka egin du, eta, aldi berean, soldatak murriztu egin dira. Diru sarrerak murriztea konstante bat da txirotasun arriskuan dauden pertsonengan. Beste bi faktoreak energiaren alorrekoak dira. Gas naturala eta elektrizitatearen prezioa goraka dabil azken urteetan.

Energiaren prezioa, goraka

Azken hamarkadan, energiaren prezioa ia bikoiztu egin da Euskal Herrian. Aldi berean, Euskal Herriko eraikinen gehiengoa, 1980ko hamarkada baino lehenagokoak, arau energetikorik gabe eraiki zen. Kontsumo handia daukaten eraikinak dira, beraz, eta energiaren prezioaren gorakadarekin eta diru sarrerak txikitzearekin batzen denean, pobrezia energetikoa sortzen da.

Arazo larri horri aurre egiteko, neurriak hartu beharra dago. Batetik, gizarte segurantza sistema defendatuz eta indartuz. Argi dago Diru sarrerak Bermatzeko Errenta lagungarria dela, baina ez da nahikoa. Euskal Herrian, ehun milaka pertsona daude gizarte-bazterketako egoeran, edo horren arriskuan. Asko dago oraindik egiteko, datu horiek ikusita.

Baina gizarte segurantzaz aparte, energiaren alorrean ere asko egin daiteke. Gizarte langileek prestakuntza behar dute, energiaren alorrean gizarte bazterketa jasaten duten lagunak hobeto lagundu ahal izateko. Horretaz gain, erakundeen parte hartzea behar da, energia aurrezteko planak zabaltzeko, aurrezte aukerak non dauden gizartean hedatzeko. Gizarte bonu elektrikoa erreformatu beharra dago, benetan diru sarrera gutxien duten lagunentzat baliagarria izan dadin. Eta etorkizunera begira, energiak bidezkoa den prezioa izateko, eredu energetikoaren eraldaketa beharrezkoa da, energia aurreztean, eraginkortasunean, eta horrek herritarron eskuetan dauden energia berriztagarrietan oinarrituta egon behar du.

Pobrezia energetikoaren aurkako protesta, manta eta kandelekin, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Eraikinen kalitatean eta kontsumo energetikoan neurri ezinbesteko bat abian jarri beharra dago, lehenbailehen: eraikinen birgaitze energetikoa. Eraikinen kalitate energetikoa oso eskasa da. Eraikin gehienek behar luketena baino energia gehiago kontsumitzen dute, gehiengoa arau energetikorik gabe eraiki baitzen. Eraikinen birgaitze energetikorako, asmo handiko plan bat martxan jarri behar dute erakundeek, eraikinen kontsumo energetikoa nabarmen jaitsiko bada. Plan horrek diru sarrera apalagoak dituztenen eskualdeak lehenetsi beharko lituzke.

Argi dago, asko egin daitekeela energiaren alorrean pobreziaren kontra borrokatzeko. Energiaren prezioa murriztuz, eta kontsumo energetikoa jaitsiz, gizarte bazterketan dauden pertsonen egoera arindu daiteke. Horretarako, erakundeen parte hartzea behar da, eta kooperatiba energetikoak, eta eredu energetikoaren eraldaketaren aldeko gizarte eragileak ere hortxe egongo dira, guztiontzat bizigarriagoa den gizarte baten aldeko borrokan.


Pobrezia energetikoaren aurkako protesta, manta eta kandelekin, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

No hay comentarios:

Publicar un comentario