miércoles, 16 de diciembre de 2015


GARAI HONETAN NOLA AURREZTU
Iritsi da neguko oporraldia eta oporraldiaren aurreko garaia, eta urtero bezala, badakigu horrek zer esan nahi duen: opariak, bazkariak, enpresako afariak, familia-bilerak… Hau da, urtero gastu estra bat eragiten diguten mota guztietako jarduerak, hurrengo urtean horiek guztiak berriz ez egitea hitzematen badugu ere. Zentzu askotan, gaia hau modu “alaiagoan” kontsumitzera eramaten gaituzte, eta azkenean, gure ekonomiak horren ondorioak jasaten ditu. Horregatik, oraingo honetan aurrezteko edo behar baino gehiago ez gastatzeko zenbait gomendio emango dizkizugu.
Gastua kontrolatzeko aplikazioak
Zer gastatzen dugun ez badakigu oso zaila da hura kontrolatu ahal izatea. Finantza arloko irakasleek dioten moduan, “neurtu ezin daitekeena ezin da konpondu”, eta beraz, lehenengo urratsa dirua zertan gastatzen dugun jakitea da. Horrek edozein urte-sasoirako balio du, baina Gabonetarako bereziki, inoiz baino gastu gehiago izaten baititugu. Gure ordenagailuan Excel artxibo sinple bat egiteak asko lagun diezaguke. Excel horretan 4 zutabe erabili behar dira gutxienez, horietan data, gastuaren izena, prezioa eta gastu-mota adieraziz. Baina gure telefono adimenduna beti alboan daramagun horietakoak bagara, gure gastua kontrolatzeko eginkizun horretan lagunduko diguten hainbat aplikazio daude, horien bitartez gure erosketak modu sinplean jaso, etiketatu eta aztertu baititzakegu, oso modu sinplean.
Giltza: aurrekontua
Arestian adierazi dugunarekin bat etorriz, Excel edo bestelako kalkulu-orriak oso baliagarriak izan daitezke. Aspergarria badirudi ere, jai hauetan gastatu nahi dugunaren aurrekontu errealista bat egitea diru gehiegi ez gastatzeko erreminta bat da. Aurrekontua egiteko hainbat atal hartu behar ditugu kontuan, bi hauek batez ere: janariak eta opariak. Horrez gain, bidaietarako partida bat gehitu dezakegu, familia ikusteko lekuz aldatu behar badugu edo aisialdiarekin lotutako gastuetarako (antzerkira eta zinemara joateko sarrerak eta abar). Janari eta opariekin lotutako gastuak senitarteko- edo lagun-kopuruaren arabera eta horietako bakoitzera xedaturiko gehienezko gastuaren arabera zehaztu dezakegu. Era berean, oso erabilgarria izango zaigu erosketak egiterakoan behar baino gehiago ez erosteko, eta horretarako, produktu bakoitzaren kantitateak zehaztu ditzakegu.

Planifikatu eta alderatu
Aurrekontu bat eginez gero askoz sinpleagoa izango zaigu erosketak planifikatzea eta prezioak alderatzea. Oro har, erosketak aurreratzen saiatu behar dugu, prezioek gora egiten baitute abenduaren 14tik 22ra, eta gora egiten jarraitzen dute, pixkanaka, urte bukaerara arte. Mahatsak inoiz baino garestiagoak izaten dira abenduaren 31n!
Gainera, aurretiaz joaten bagara hainbat saltokitako prezioak alderatu eta Internet bidezko promozioak edo eskaintzak ikus ditzakegu. Aldez aurretik Sarean kontsultatzeak ere produktu jakin bati buruzko informazio gehiago izatea eta beste erabiltzaile batzuen iritziak ezagutzea ahalbidetzen digu, eta hori oso baliagarria izan daiteke, batez ere gastu handiagoa eragiten duten opariak edo produktuak nahi baditugu, ordenagailuak edo tabletak, adibidez. Izan ere, eta Gabonetako kontsumo-ohituren inguruko azken Deloitte azterlanaren arabera (2013. urtekoa), kontsumitzaileek hori egiteko gero eta ohitura handiagoa dute: kontsumitzaileen % 26k Internetez informazioa bilatu eta gero denda fisiko batean erosten dute, eta % 29k, aldiz, online egiten dituzte beren erosketak.
Ez egin erosketa oldarkorrak
Erosketak egitera animatzeko helburuarekin dago pentsatuta dena: eskaintzak, produktu bereziak, opariak egiteko ilusioa… Horregatik, gastua egokitu nahi badugu, benetan behar ez dugun zerbait kapritxoz erosteko nahiari aurre egitea komeni da. Erosi nahi dugun zerbait ikusten badugu, egun bat edo bi itxarotea eta hotzean pentsatzea da onena, aurrekontua eskuetan dugula. Urtarrilean ostean merkealdiak izaten direla eta horrenbeste gustatu zaigun aurreikusi gabeko produktu hori erosteko momentu egokia izan daitekeela gogoratu behar dugu.
Sormenean oinarritutako DIY opariak
DIY (Do it yourself) edo “egin zuk zeuk” kontzeptua modan dago eta balio sentimental handiko opari original eta ekonomikoagoak egiteko modu bat da. Sormen hori duten eta nondik hasi ez dakiten pertsonentzat mota guztietako ideiak jasotzen dituzten tutorialak daude Interneten: kamisetak margotu, katilu edo ontziteria oso bat apaindu, liburuxkak edo bestelako objektuak scrapbook teknikarekin pertsonalizatu… Aukerak amaigabeak dira. EROSKI Consumer-en artikulu honek haurrentzako oparien zenbait ideia eskaintzen dizkigu, eskuz egindako kometa bat edo etxean egindako musika-tresna bat, adibidez.
Laburbilduz:
Aurrezteko giltza gastuak eta sarrerak ahalik eta gehien planifikatzea da beti. Orain, opari bat egin nahi zaien pertsonen zerrenda bat egitea eta bakoitzarentzako prezio-tarte jakin bat pentsatzea komeni da, bakoitzarentzako gehienezko zifra bat zehaztuz. Horrela, jaiez gozatu ahal izango dugu, familiako ekonomian kalte handirik sortu gabe.
http://bloga.laboralkutxa.com/nola-antolatu-gabonetan-aurrezteko/

No hay comentarios:

Publicar un comentario