martes, 24 de noviembre de 2015

Oporretara joateko, etxea trukatu
Oporrak antolatzeko modu ezberdina dute Pili Otaegi, Txomin Etxeberria eta Maddi Etxeberriak. Ia ezagutzen ez duten norbaiten etxera joaten dira, trukean Larraulgo euren etxea utziz.
Pili Otaegi izan zen bidaiatzeko modu ezberdin horren aldeko apustua egin zuena: “Duela 30 bat urte, koadrilako kide batzuk egin zuten horrelako etxe trukaketa bat. Horixe izan zen bidaiatzeko modu horren berri izan nuen lehendabiziko aldia. Larraulera bizitzera etorri ginenean, duela lau bat urte, jakin genuen herriko beste bikote batek egiten zuela etxe trukaketa eta haiek eman ziguten beharrezko informazio guztia. www.intervac.com orrian izena eman, eta asmo berri horretan aurrera egin genuen”. 



Beldurrak uxatuz
Etxeko kide batek aukeratzen du urtero oporretara nora joan. Pili izan zen aukeratzen lehena: “Nire ideia izan zenez, nik egin nuen lehendabiziko aukeraketa; Bretañara joateko gogoa nuen aspaldidanik eta hango bikote batekin jarri ginen harremanetan, gunearen bitartez. Eurek, bigarren etxebizitza gisa erabiltzen zuten baserria eskaini ziguten eta guk, Larraulgo gure etxea”.
Lehen pausoa ematerako, beldurrak astindu behar izan zituzten guztiek ere: “Lehen trukaketa egin arte, beldurra izaten da nagusi. Ez dakizu nola aterako den, zure etxea nola zainduko duten, zoazen etxera iritsitakoan giltzak esandako tokian aurkituko dituzun edo ez..., milaka zalantza sortzen dira. Lehendabiziko trukea egin ondoren, zalantza horiek guztiak uxatu egiten dira eta bidaiatzeko modu aberasgarria dela konturatzen zara”.
Bretañako etxearen jabeak Larraulen izan ziren, baina ez zuten elkar ezagutu: “Internet bidez askotan hitz egin genuen, baina ez genuen aurrez aurre elkartzeko modurik izan. Giltza non utziko ziguten akordatu genuen eta haiek esandako tokian giltza aurkitu genuenean, gure beldur guztiak uxatu egin ziren. Oso esperientzia ona izan genuen eta jarraitzeko gogoa piztu zitzaigun”.

Opor ezberdinak
Oporretako sentsazio ezberdina sorrarazten du etxe trukaketak Pili Otaegiren hitzetan: “Ez zara turista gisa sentitzen. Bertakoen etxean zaude eta etxe batek asko esaten du ohituren eta bizimoduaren inguruan. Zoazen tokia gertuagotik ezagutzeko modua ematen dizu eta gainera, hotelera joatea baino merkeagoa da. Etxe trukaketa egiten dugunon artean, bestalde, ohikoa da bizi garen inguruneko informazioa uztea. Horrez gain, ongi etorria egiteko gutiziaren bat uzteko ohitura ere badago: pastatxoren batzuk, sagardo botila...”.
Txominek egin zuen bigarren urteko oporren aukeraketa. “Suitzako Alpeetara joan nahi nuen. Hura ere oso esperientzia ona izan zen. Igerilekua zuen etxe batean egon ginen. Trukea egiterakoan, ez da begiratzen nolako etxe motak trukatzen diren; gerta daiteke apartamentu txiki bat eta bakarkako etxe handi baten arteko trukea egitea”.

2012an, Londresera
Maddi alabak ere izan zuen oporretarako tokia aukeratzeko tartea. “Londresera joan nahi nuen. 2012 urtea zen eta uda horretan Olinpiar jokoak egiten ari ziren bertan, horregatik ez zen batere erraza izan trukea egiteko etxea bilatzea. Otsaila inguruan hasi ginen bilaketa egiten, eta etsipena ere izan nuen zenbait momentutan. Azkenean, ordea, Londrestik ordubetera zegoen etxe batera joan ginen”. Etxe hartako jabeak ezagutzeko modua izan zuten, gainera. Hala azaldu du Pilik: “Aireportuan elkartu ginen giltzak elkarri emateko. Oso denbora gutxi eduki genuen elkarrekin egoteko baina, hala ere, harreman polita sortu zen. Badakigu oso gustura egon zirela haiek Larraulen eta herriko ostatura ere oso maiz joan ziren. Trukaketa hartan, gainera, etxea ezezik autoa ere trukatu genuen”.

Datu zehatzak
www.intervac.org gunean izena eman zutenean, euren inguruko datuak zehaztu behar izan zituzten. “Etxea non dagoen, zenbat jenderentzako tokia duen, animaliarik badugun edo ez, zein hizkuntza menperatzen dugun, erretzaileak onartzen ditugun edo ez..., datu asko zehaztu beharra izaten da. Modu horretan, bilaketa egiten ari denak badaki zein den gure eskaintza”, azaldu du Txominek.
Oporretarako desiratutako eremua zehaztuta, inguru horretan eskaintzen diren etxeen zerrenda ikus daiteke gunean. “Etxe bat aukeratuta, jabeei idatzi behar diezu zure proposamena eginaz. Traturako garaia irekitzen da momentu horretan”. Urtean kuota bat ordaintzen dute webguneko kide izateagatik, eta kuota horrek, beste bazkideekin harremanetan jartzeko eskubidea ematen die. “Webguneko bazkide ez direnek, eskaintza ikusteko aukera badute, baina ez dute etxeen jabeekin harremanetan jartzerik”, azaldu du Pilik.

Hizkuntza eskola
Etxe trukaketa, hizkuntzak lantzeko modu egokia ere badela aitortu dute larrauldarrek: “Atzenduta neukan frantsesari astindu bat eman nion nik Bretañarako bidaia lotzeko garaian eta Maddik, berriz, hainbat mail bidali zituen ingelesez, Londresko trukaketa antolatzeko”.
Bartzelonan eta Huescan ere izan dira larrauldarrak. “Irteera laburragoak egiteko modua ere ematen du aukera honek. Aurtengo udan ez dugu bidaia handirik egin, baina dagoeneko, datorren urtekoari begira jarrita gaude”.

Couch surfing-a, beste aukera bat
Aitor Atxega eta Olga Villa larrauldarrek coach surfing-aren aldeko apustua egin dute. Hala azaldu du Olgak berak: “Internet bidez kudeatzen da guztia. Webgune baten bidez, norberak bere etxeko txoko bat eskaintzen du lotarako. Eskaintza egiten duzun bezala, gune horretan izena emanda dagoen edozeinen etxera joateko eskaera ere egin dezakezu. Hotelak erabili gabe, bidaiatzeko beste modu bat da couch surfing-a”.

Irlandara
Lagun batek gomendatuta eman zuen izena Olgak www.coachsurfing.org gunean: “Irlandara joan nahi nuen, baina ez nekien oso ondo nola bideratu bidaia hura, eta lagun batek aipatu zidan webgune horrek ematen duen aukera. Froga egitea erabaki nuen. Bertan izena emateko garaian, zure datuak eman behar dituzu; adina, zaletasunak, zer eskaintzen duzun, zein hizkuntza dakizkizun, eskaintzen duzun etxea non dagoen, etab. Modu horretan, etxe baten bilaketa egiten ari denak, nahiko modu zehatzean jakiten du nolako eskaintza dagoen”.
Gazte jendeak baliatzen du, gehienbat, couch surfing-aren aukera. “Oso diru gutxirekin, etxez etxe mugitzen den bidaiariak erabiltzen du zerbitzu hau batik bat, asko eta asko bakarrik bidaiatzen ari denak. Jende helduagoa ere badabil webgune horretan, baina gehienak gazteak direla esango nuke”.
Irlandara joateko gogo hura gauzatu egin zuen azkenik Olgak: “Hango familia batekin jarri nintzen harremanetan gunearen bidez. Datekin akordio batera iritsi, eta euren etxera joan nintzen. Esperientzia polita izan zen, lau egun egin nituen Belfast inguruan eta ingelera praktikatzeko modua eman zidan”.

Gonbidatuak
Couch surfing bidez bidaiatzen ari zen jendea etxean hartu izan dute Aitorrek eta Olgak: “Bitan hartu dugu jendea. Frantzian bizi zen bikote kroatar bat hartu genuen lehendabizi. Umea amonarekin utzi, eta oporretan zebiltzan Europan zehar. Couch surfing-ean ez da dirurik trukatzen, baina ohikoa izaten da lotara datorrenak zerbait eskaintzea. Kasu horretan, euren herrialdeko otordu bat prestatu ziguten. Bi gau egin zituzten gurean eta gustura ibili ziren”.
Mutil gazte mexikar bat ere hartu zuten etxean: “Arkitekturako ikasketak amaitu berriak zituen, Parisen. Etxera itzuli aurretik, Europan barrena ibili nahi zuen eta bide batez, baita Mexikora eramateko diru pixka bat lortu ere. Motxila batekin zebilen, batera eta bestera. Larraulgo ostatuan afaria ordaindu genion eta gustura asko joan zen”.

Zinemaldira
Eskaera gehiago ere jaso ditu Olgak: “Azken asteotan, Donostiako zinemaldira etorri nahi duen jendea jarri da nirekin harremanetan. Hamabi bat eskaera izan ditut egun gutxitan. Horrelakoetan, hiru aukera ematen ditu guneak; eskaera onartu, uko egin, edota zalantzan utzi. Oraindik ez nago ziur, baina uste dut Bartzelonako neska bat hartuko dugula etxean”.
Donostiak jende asko erakartzen duela antzeman du Olgak. “Gure eskaintzaren inguruko datu gehiago eskatzen dituztenean, oso ohikoa da Larrauldik Donostiara joateko moduen inguruan galdetzea. Jende askoren interesa pizten du”.
Bidaia amaitzean, bizitakoaren ingurukoak idatz ditzakete bi aldeek webgunean: “Ostatu hartutako etxea gomendagarria ote den jar dezakezu eta, alderantziz, etxejabeak ere zer moduzko esperientzia izan duen azal dezake”.
Olgaren hitzetan, konfiantza puntu bat behar da couch surfing-a egiteko: “Etxean jende ezezaguna hartzen duzu eta azkenean, fede pixka bat izan behar duzu. Borondate oneko kontua da couchsurfing-a eta orokorrean, jendea ona dela pentsatu nahi dut eta maltzurkeria salbuespena dela. Esperientzia txarren bat ere izango zen ziurrenik, baina ez dut uste kopuru esanguratsua izango denik”. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario